Klima-aldaketa eta generoa klima-aldaketak gizonengan eta emakumeengan dituen inpaktu ezberdinak interpretatzeko modu bat da,[1] genero-rolen eta genero-harremanen eraikuntza sozialean oinarritua dagoena.[2]
Klima-aldaketak genero-desparekotasuna areagotzen du,[3] emakumeek ekonomikoki independenteak izateko duten gaitasuna murrizten du,[4] eta eragin negatibo orokorra du emakumeen eskubide sozial eta politikoetan, bereziki neurri handi batean nekazaritzan oinarritzen diren ekonomietan.[3] Kasu askotan, genero-desparekotasunaren eraginez, emakumeak zaurgarriagoak dira klima-aldaketaren ondorio negatiboen aurrean.[5] Horren kausa, bereziki garapen-bidean dauden herrialdeetan, genero-rolak dira, emakumeak ingurune naturalaren mende egon ohi baitira bizirauteko eta diru-sarrerak lortzeko. Hortaz, klima-aldaketak emakumeek baliabide fisiko, sozial, politiko eta fiskaletara duten sarbidea are gehiago mugatzen duenez, emakumeak gizonak baino gehiago zamatzen ditu, eta genero-desparekotasuna areagotu dezake.[1][6][7][8]
Era berean, genero-desparekotasuna hauteman da klima-aldaketaren kontzientziazioari, kausalitateari eta hari ematen zaion erantzunari dagokionez. Hala, herrialde askok generoan oinarritutako klima-aldaketari buruzko estrategiak eta ekintza-planak landu eta aplikatu dituzte. Adibidez, Mozambikeko gobernuak Generoari, Ingurumenari eta Klima-aldaketari buruzko Estrategia eta Ekintza Planak onartu zituen 2010. urtearen hasieran, eta hori egin zuen munduko lehen gobernua izan zen. [9]
Hala ere, klima-aldaketaren baitan generoaren analisia ez da emakumeetara mugatzen.[10] Ondorioz, datu kuantitatiboen multzoetan gizonen/emakumeen analisi bitarreko sistema bat aplikatzea ez ezik, klima-aldaketari lotutako botere-harremanei forma ematen dieten diskurtso eraikuntzak aztertzea ere esan nahi du.[11] Horrez gain, aintzat hartzen da generoa ‒klima-aldaketari emandako erantzunetan eragiten duen faktore sozial gisa‒ beste aldagai batzuekin gurutzatzen dela, hala nola adinarekin, kastarekin, egoera zibilarekin eta etniarekin.[12]
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search